Gasteizko pozoiketak:
Britainiar Legio Laguntzailea Lehenengo Gerra Karlistan.
1835eko martxoaren 28an, arratsaldeko hiruretan, Jose Elosegi okin karlistari
garrote vil eman zioten Gasteizko plaza zaharrean. Milaka soldadu liberalek, batez ere Legio Britainiarreko ingelesek bibaka eta hurraka ospatu zuten exekuzioa. Ez zen nolanahikoa leporatzen zitzaion delitua: hiru hilabeteetan mila soldadu ingelesen hilketa. Elosegi karlista izaki, liberalei ahalik eta min gehien emateko asmoz, armak hartu gabe ere sekulakoak prestatu zituen. Bere harreman onak eta diruak baliaturik, tropa liberalen mugimenduak espiatzeaz gain, soldadu ingelesak desertatzera eta karlisten aldera pasatzera animatzen zituen. Bi delitu hauetako bakoitza nahikoa zen hiltzera kondenatzeko, baina benetako krimena mila gizon hil izana zen. Nola? Ofizioz okina zenez, ogia pozoitzen zuen. Ez da segurua zer botatzen zion oreari, baina kontua da milaka soldadu gaixotu zirela poliki poliki. Gaixotasun hura tifus edo disenteria zelakoan, medikuak aztoratuta zeuden, ez zutelako erremediorik bilatzen. Negu hotz eta hezea zen, janaria eskasa eta maiz ustela, ofizialek etxeetan zuten alojamendua, eta soldadu arruntak komentu eta elizetan kokatu zituzten, su egiteko egur gutxi eta lo egiteko, oherik ezean, lastoa lurrean. Egoera hartan izurriteak zabaltzea ez zen harritzekoa, baina bai izurriteak soldadu ingelesak beste inor ez jotzea. Hartaz gain, paga gaizki eta berandu kobratzen zutenez, ingeles asko karlisten aldera pasatzen ziren, eta horrela deskubritu zuten Elosegi, desertore batek soldadu gaixo bati idatzi zionean, karlisten aldera pasatzeko animatzen bazen, okinarekin harremanetan jartzeko gomendatuz. Soldadu honek gutuna ofizial bati erakutsi eta berehala bururatu zitzaien ogia pozoitzen zuela, gaitzaren eragilea ogia zen susmoa baitzuten, ez ordea, nahita egiten zenik.
Britainiarrak Gasteizen egon ziren lau hilabeteetan, Arlabangoa izan zuten garrantzizko borroka bakarra . Han karlistek harrapatutako bost ingeles fusilatuak izan ziren. Hori bai, protestanteak zirenez, lehendabiziko bataiatu eta gero hil zituzten. Halakoxea zen orduko katolikoen mentalitatea. Gasteizen hiltzen zirenak baratzetan lurperatzen zituzten. Udalak lurperatzeko baimena ematerakoan bi gauza eskatzen zituen: hobi sakonak egitea, kiratsik ez izateko, eta bi hobi egitea, bata protestanteentzat eta beste bat katolikoentzat, irlandarrak ere baziren eta. Karlistek errukirik gabe fusilatzen zituzten, baina gasteiztarrek ere ez zituzten begi onez ikusten defendatzaileak. Gasteiztar asko karlista omen zen, baina horretaz aparte bazuten nahikoa arrazoi kexatzeko. 12.000 lagun zituen hirixka batera beste hainbeste soldadu etorri ziren, espainol zein ingeles. Etxe, eliza eta komentuetan ostatu eman behar izan zieten militarrei. Hauek ez zuten batere lotsarik lapurtzeko, zikintzeko, zaborrak edonon botatzeko, abereak kalean hiltzeko, baratzak zapaltzeko, hiritarrak jotzeko. Janari, egur eta ikatz nahikorik ez zelarik -negua zen- prezioak ikaragarri handitu ziren... benetako inbasioa izan zen. Bai zibilak bai militarrak elkarri denuntziak jartzen ari zitzaizkien Udalean. Azkenean
Legio Britainiarrak alde egin zuenean, denak poztu ziren, ingelesak eta gasteiztarrak. Bestelako izan zen Donostian egin zioten harrera, baina hori beste baterako utziko dugu.
Britainiar Legio Laguntzailea 1835ean osatu zen bi urtez aritzeko Gerra Karlistan. Gobernu Britainiarrak antolatu zuen, Espainiako gobernu liberalari laguntza emateko asmoz, baina soldaduak bolondresak ziren. Ez zuten ideal politiko baten alde borroka egiten, diru truke baizik. Egunkari ingelesek zioten bezala, Legio honetan Londres, Manchester, Glasgow eta beste hiri handietako lapur, alfer eta gaizkile mota guztiek eman zuten izena. Delituen amnistia eta bi urtez paga eta janaria izango zuten; bueltan berriz, hiru urteko paga emango zitzaien. Ez zitzaien prestakuntza militarrik eskatzen. Ez zen gutxi Ingalaterrako pobreenentzat. Zorte handirik ez zuten izan, baina. Euskal Herrian eman zuten bi urteetan etorritako 8.500 soldaduetatik 2000 inguru hil ziren, erdia Gasteizen, eta ez borrokan; beste 2.000 lagun elbarri geratu ziren. Desertoreak ere erruz izan ziren. Lizentziatu zituztenean 1837an, 1700 inguru Donostian geratu ziren. Gainerakoak Ingalaterrara itzuli ziren, baina ez zituzten jaso nahi ere. Zor zieten dirua kobratzen ez zutenez, lapurretara dedikatzen ziren. Asko goseak hil omen zituen. 1838an elbarriek Espainiako delegazioa asaltatu zuten zor zitzaiena kobratu nahian. 1860ra arte erreklamazioak izan ziren. Benetan historia zorigaiztokoa izan zen inork maite ez zituen soldadu haiena.