gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Kp
2024ko azaroak 27, asteazkena
www.k6gestioncultural.com
Museo Zumalakarregi Museoa - Muxika egurastokia 6. 20216 Ormaiztegi (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 889 900 Fax.: +34 943 880 138 mzumalakarregi@gipuzkoa.net

Dokumentazio zentroa: Historikoa

Euskal pilota: XIX. mendeko "nobedadea".

Ez dago dudarik pilota dela euskal kirol/joko nagusia, bai bertakoentzat, bai kanpokoentzat ere. Baina hain euskalduna den pilota ez da Euskal Herrian sortua. Egia esan, materiala, pisua eta tamaina edozein direla ere, jostailu esferikoak kultur guztietan ezagutzen dira. Orain euskal pilota esaten dugun jokoen jatorria, ordea, beste herrialdeetan dago, batez ere Frantzian. Pilotan jokatzeko eraikin bereziak prestatzen ziren hiri handi eta txikietan. Adibidez, Frantziako Iraultzaren hasieratzat hartzen den ekitaldi inportante bat, burgesiaren ordezkariak bildu eta Frantziari Konstituzio politiko berri bat eman arte handik ez ateratzeko zina, Jeu de paume, hau da, eskuz jokatzeko eraikinean egin zen. 

Hain zuzen, XVIII. mendean Frantzian pilota gainbeheran zegoenean, Euskal Herrian indartzen ari zen. 1755ean, lau gipuzkoar Cartagenaraino (Murtzia) joan ziren Espainian aurki zitezkeen pilotari onenen aurka jokatzera, baita irabazi ere. 

Ez zen pilota behe mailako joko herrikoitzat hartzen. 1834an, Lesakan Don Carlos Erregegaiaren omenezko agerraldietan, inguruko jokalari onenek jokatutako pilota partida antolatu zioten. 

Partidu, pilotari eta jokatzeko era berriei buruzko berriak gero eta ugariagoak dira. Bleka, hau da, paretaren kontra joz, garai honetan hasi zen jokatzen. Gaur egun ez dugu euskal herririk imajinatzen frontoirik gabe, baina hori XIX.eko inbento bat da, orduan ere bere kritikak izan zituena. Lehendabiziko paretak pilotalekuak ixteko altxatu ziren, ez jokoaren parte gisa. Izan ere, paretaren kontra aritzea umeen kontua izaten zen, helduek espazio zabala okupatzen zuten bitartean. Gero, kautxozko pilota dinamikoagoak ugaldu ahala, atzeko pareta hura erabiltzen hasi ziren, kontrako taldekideen jokoa zailtzeko asmoz. Poliki poliki, eta ez protestarik gabe, pareta joko-arauetan ametitzen da, eta modalidade berriak sortzen, kanpoko zaharragoetatik eboluzionatuz. 

Eboluzioak etengabe segitu zuen: hasieran  eskularruak eskua babestu beste funtziorik ez zuen; gero eskularrua luzatu eta pilota jasotzetik pilota irristatzera pasa zen; gero, pilota irristatzetik "atxikitzera"; gero larrutik xistera arinago eta merkeagora, eta abar. Noski, aldaketa hauek guztiak ez ziren egin kontrako erreakziorik gabe, eta askotan aldaketak joko zikintzat hartzen ziren. 

Pilotak XIX.ean euskaldunen artean guztiz bertakotua zela hobekien adierazten duen kasua, beharbada, Irunen 1846eko abuztuaren 9an jokatutako partidua da. Jokoa errebotea zen, jatorriz kanpokoa, baina bertan garatua, pareta ere sartzen du eta. Jokalariak, noski, ez ziren profesionalak, bata itzaina zen, bestea apaiza, bestea kontrabandista, bestea errotaria... Hori bai, diru asko jokatzen zuten, pilotariek zein haien jarraitzaileek. Partidu hartan orduko jokalaririk puntakoenak, "Gaskoinak" parte hartu zuen. Gratien Adema apaiz idazleak hala deskribatu zuen partidu hartako giroa:

Gure Euskal Herrian hitz egin da luze, zabal eta gartsu frantsesen eta espainolen (alegia, lapurtarren eta gipuzkoarren) artean Irunen jokatu zen errebote partidaz. Irungo partida esaten zen, data ez beste seinarik gabe, euskaldunentzat mendeko kirol ekitaldirik handiena izan zen eta. 
Hamarrak baino lehen, hamabi mila gizon (Irunek orduan 5000 eskas biztanle zituen) pilatzen ziren plaza zabalaren alde banatan eraikitako hamabost mailatan. Inguruko etxeetako lehio guztiak eta balkoi guztiak ikuslez gainezka zeuden. Arbolak gizon-multzoen azpian makurtzen ziren, eta teilatuak berak ere beteta zeuden.

Nola ez, lapurtar irabazleak goraipatzeko bertsoak ere izan ziren. Interesgarriena, ordea, pilotari buruzko lehen kronika partidu honena izan zela, Frantzia iparraldeko "Journal du Havre"-n agertua. Euskal pilota irabazten ari zen ospearen seinale. 

Itzuli Itzuli
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2009 Kultura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net