gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Kp
2024ko maiatzak 19, igandea
www.k6gestioncultural.com
Museo Zumalakarregi Museoa - Muxika egurastokia 6. 20216 Ormaiztegi (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 889 900 Fax.: +34 943 880 138 mzumalakarregi@gipuzkoa.net

Dokumentazio zentroa: Historikoa

"Guiñi" Juan Joseph de Ibargoien irundarra Hernaniko lapurretan.

1800eko uztaileko ilunabar batean Gipuzkoako Hernani herrian Far Westeko film batetik aterata bezalako lapurreta gertatu zen. 26 gizonek osatutako talde bat sartu zen tiroka, jendea beldurtuz, zuzen zuzen kale nagusiko Xabier Ignazio Elizalderen etxera jo eta zurezko kutxa puskatu ondoren, sekulako dirutza ostu -144.000 errial-, eta Astigarragako bidetik ihes egin zuen. Ondo asko zekiten dirua non zegoen, kopuruaren gehiengoa -134.000 errial- hilabete lehenago Hernaniko alkateak kontrabandista bati konfiskatua baizen eta Elizalderen etxean gordea. Ez da harritzekoa, beraz, hernaniarren artean askok lapurreta ez deitoratzea, “lapurrek haiena berreskuratu besterik ez baitzuten egin”. 

Ez zen hilabete pasa lapurretan partaide izandako bat Hondarribian atxilotu zuten arte. Joseph Antonio Larzabal zen berau eta dena aitortu zuen: 
Bezperan kontrabando lanetan kide nuen lagun batekin Hondarribiko kaputxinoen konbentu inguruan elkartu nintzen,  beste zenbaitetan bezala gau lana egiteko asmoz. Oiartzun aldera jo genuen eta Andre Arriaga ermita alboan ziztu bat entzun genuen eta dozena bat lagun aurkitu genuen bertan izkutatuta. Buru egiten zuena bakarrik ezagutzen nuen, "Giñi" irundarra. Kontrabandorako zama aurkitzea espero nuen, baina ez zegoen ezer. Errenteriako bentara jo genuen orduan eta han beste gizon talde bat genuen zain, denak armatuak eta era desberdinetan mozorrotuak, aurpegiak bolbora eta lixtuz beztuak. Atzera egin nahi izan genuen baina Giñi eta bere beste lagunen amenazupean Astigarraga inguruko sasiarte batera joan arazi gintuzten, gaua eta biharamuna pasatzera. Ilunabarrean Hernanira jo genuen eta herrian tiroka sartu ginen. "Giñi" eta "Frantses txikia" deitzen zuten batek zuzendu zuten lapurreta eta ondoren mugarako bidea hartu genuen. Irungo Zubimusu baserri ondotik Bidasoa gurutzatu, zain zeuden gizon batzuei dirua entregatu eta alde egin genuen bakoitza bere herrira. Handik hamabost egunera Irunen nengoela ezezagun bat inguratu zitzaidan eta Hernanikoan ibilia ote nintzen galdetu zidan. Nik baietz, eta orduan 160 errial eman zizkidan presaka desagertu aurretik. 

Hernaniko lapurreta, Baionako kontrabadisten enkargu bat izan zen. Handik urtebetera Errenterian atxilotu zuten Giñi, Juan Joseph de Ibargoien irundarra, 34 urteko nekazaria, Frantziako Errepublikaren aurkako gerran bolondres, ostean Gipuzkoako mikelete, gero kontrabandista eta batzutan ogibidez kortsario izana, kartzela ugari ezagutua -Aramaio, Gasteiz, Gernika, Ermua, Bilbo eta Ferrol-, maiz iheslari -Gernika eta Ferrolgo kartzeletatik- eta, berak zioenez, "sekula izaera ondraduaren kontrakorik egin ez zuena". 

Dena den, Gipuzkoa eta Bizkaian barrena zebiltzan lapurrik famatuenetakoa izan omen zen, berak ukatu arren. Bideetan bezala baserrietan ere lapurretak egin omen zituen. Azkenik bi urte luze iraun zuten auzien ondoren, berriro kartzelatik ihes egin eta atxilotu ostean, 1804ko apirilaren 8an "garrote vil" jasan zuen Donostiako Plaza Berrian. Bere alboan Bartholome Agirre, Urnietako beste bandoleroa hil zuten, beraiekin Hernaniko lapurretan kide izan ziren beste hiru lapurren begiradapean, justiziaren gogorra dasta zezaten. Euskal Herria urte haietan bandoleroz josita omen zegoen, Frantziaren kontrako gerraren ondorioz sortutako ekonomi eta gizarte krisia zela kausa. 

Maiz kontrabandoari lotua, euskal bandoleroen ezaugarriak aztertzerakoan, esan daiteke  ez zituztela talde iraunkorrak sortzen, lapurreta zehatzetarako biltzen baizik. Asko nekazari edo artisauak ziren, diru sarrerak borobiltzeko batzuetan kontrabandoari besteetan lapurretari ekiten ziotenak. Baina baziren Giñiren modura beste lanbideak utzi eta lapurretara emanak. Ospea lortu zutenak gutxi badira ere, Deskarga, San Adrian, Belate edo Urkiola inguruan egindako lapurreten oihartzuna bertso edo kontakizun ugaritan irisi zaigu gaurdaino.Kuriosoa da Juan Antonio Madariaga bizkaitarraren kasua: Patakon goitizenez ezagunagoa, herri-ipuinetan folklorizatua geratu da bandolero eskuzabal tipiko bezala: Patakon, dekonari kendu, ez dekonari emon. Baina honek beste saio bat merezi du. 

 Itzuli
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2009 Kultura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net