gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Kp
2024ko maiatzak 19, igandea
www.k6gestioncultural.com
Museo Zumalakarregi Museoa - Muxika egurastokia 6. 20216 Ormaiztegi (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 889 900 Fax.: +34 943 880 138 mzumalakarregi@gipuzkoa.net

Dokumentazio zentroa: Historikoa

Iraultzaren kontraesanak: errito zibilez ehortzitako fraide katoliko bat.

Juan Antonio Olabarrieta frantziskotar bizkaitarra Mungian jaio zen 1763an. Arantzazuko komentuan ikasi eta gero, 1791an Ameriketara joan zen. Perun kazetari ibili zen, Diario de Liman lehenik, eta berak fundatutako Semanario Críticon ondoren. Oraindik katoliko, baina ohituren erreformatzaile agertzen da. Mexikon, Axuhitlán-en parroko zela, Homo Brutus idatzi zuen, eta ateo, materialista eta deistaz akusaturik, Inkisizioak preso sartu zuen. Handik ihes eginda, merkatari gisa jardun zuen Londres, Paris, New Orleansen...  1810ean, berriz, Lisboan sendagile. Garaiko testu batek dioenez, latina bazekien eta hizkuntz desberdinetan hitz egiten zuen filosofiaz, hidroterapiaz eta modaz. Mapamundi erdia korritua zuen. Bazekien animaliak disekatzen, erlojuak konpontzen, oinetako nigua izeneko xomorroak ateratzen eta berak Michoacánen aurkitutako landare batez hidropesia sendatzen. Artobizar ura eta erruda egosia errezetatzen zituen. 

Lau andre izan zituen, Josefa, Joaquina, Clara eta Rosa, eta haiengandik hartu zuen idatzi gehienak firmatzeko ezizena, José Joaquín de Clara Rosa. Ez zuen benetako izena estaltzeko asmoa, eskandalizatzekoa baizik. Iraultzaile amorratua zen, batez ere Inkisizioa eta Elizaren kontra ziharduena. Ez zion, haatik, erlijioari uko egin. Hasierako kristauen bertuteak defenditzen zituen: Jesukristoren hitza interpretatzeko askatasuna, hierarkiarik gabeko berdintasuna eta kristau guztien arteko anaitasuna, alegia Frantziako Iraultzaren Liberté, Egalité, Fraternité. Ideiak ezezik idazkera zuen eskandalagarria, eta horrek etsai ugari erakarri zizkion, baita liberalengandik ere. 

Hain zuzen Cádiz hiri liberaleko gartzelan hil zen 1822an, Gobernu liberala moderatuegia zelakoan haren kontra konspiratzen ari omen zen eta. Ez dago garbi berez edo pozoinduta hil zen, eta hala izatekotan, etsaiek edo ustezko lagunek pozoindu zuten, salaketen beldurrez. Kontua da ehorzketa bizitza bezalakoa izan zuela, eskandalu hutsa. Hil hurren zegoela, ez zuen ondoan ametitu apaiz edo fraiderik, eta testamenduan katoliko guztiek egiten zuten fede aitorpena urratu zuen, txorakeriarik ez jartzeko esanez. Hiletetan ez habitorik, ez gurutzerik, ez himno erlijiosorik, ez elizarik; horren ordez sinbolo zibilak eskatu zituen: 
Nire borondatea da, hiltzen naizenean, egunero erabiltzen ditudan galtzak, botak eta lebita jantzi diezazkidaten; hilkutxa batean jar nazaten, esku artean Konstituzioaren liburua zabalik, eta hilkutxan bertan sar diezazkidaten nire idazki guztien ale bana. Hospizioko 50 pobreei duro bana emango zaie nire ehorzketara etor daitezen, eskuetan kandela eta erramu banarekin. Bildu daitezkeen mutil guztiei pezeta bana emango zaie, ehorzketarako deituko diren musikariekin batera kanta patriotikoak kanta ditzaten, harik eta nire gorpua Konstituzioaren lapidaren aurretik pasarazi ondoren, lurpera nazaten arte

Hau da, guk dakigula, errito zibilez lurperatutako lehen euskalduna. Fraidea izanagatik, Eliza hankaz gora jarri nahi zuen bere idazkien bidez. Halarik ere, sermoilari kutsua ez zuen behin ere galdu, euskaraz idatzi zuen gauza bakarra, bere testu bat bukatzeko idatzi ere, euskal apaizek sermoia bukatzeko erabili ohi zuten formula bera izan baitzuen gogoko: agur, nere adisquideac

 Itzuli
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2009 Kultura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net