Lau andre izan zituen, Josefa, Joaquina, Clara eta Rosa, eta haiengandik hartu zuen idatzi gehienak firmatzeko ezizena, José Joaquín de Clara Rosa. Ez zuen benetako izena estaltzeko asmoa, eskandalizatzekoa baizik. Iraultzaile amorratua zen, batez ere Inkisizioa eta Elizaren kontra ziharduena. Ez zion, haatik, erlijioari uko egin. Hasierako kristauen bertuteak defenditzen zituen: Jesukristoren hitza interpretatzeko askatasuna, hierarkiarik gabeko berdintasuna eta kristau guztien arteko anaitasuna, alegia Frantziako Iraultzaren Liberté, Egalité, Fraternité. Ideiak ezezik idazkera zuen eskandalagarria, eta horrek etsai ugari erakarri zizkion, baita liberalengandik ere.
Hain zuzen Cádiz hiri liberaleko gartzelan hil zen 1822an, Gobernu liberala moderatuegia zelakoan haren kontra konspiratzen ari omen zen eta. Ez dago garbi berez edo pozoinduta hil zen, eta hala izatekotan, etsaiek edo ustezko lagunek pozoindu zuten, salaketen beldurrez. Kontua da ehorzketa bizitza bezalakoa izan zuela, eskandalu hutsa. Hil hurren zegoela, ez zuen ondoan ametitu apaiz edo fraiderik, eta testamenduan katoliko guztiek egiten zuten fede aitorpena urratu zuen, txorakeriarik ez jartzeko esanez. Hiletetan ez habitorik, ez gurutzerik, ez himno erlijiosorik, ez elizarik; horren ordez sinbolo zibilak eskatu zituen:
Nire borondatea da, hiltzen naizenean, egunero erabiltzen ditudan galtzak, botak eta lebita jantzi diezazkidaten; hilkutxa batean jar nazaten, esku artean Konstituzioaren liburua zabalik, eta hilkutxan bertan sar diezazkidaten nire idazki guztien ale bana. Hospizioko 50 pobreei duro bana emango zaie nire ehorzketara etor daitezen, eskuetan kandela eta erramu banarekin. Bildu daitezkeen mutil guztiei pezeta bana emango zaie, ehorzketarako deituko diren musikariekin batera kanta patriotikoak kanta ditzaten, harik eta nire gorpua Konstituzioaren lapidaren aurretik pasarazi ondoren, lurpera nazaten arte.
Hau da, guk dakigula, errito zibilez lurperatutako lehen euskalduna. Fraidea izanagatik, Eliza hankaz gora jarri nahi zuen bere idazkien bidez. Halarik ere, sermoilari kutsua ez zuen behin ere galdu, euskaraz idatzi zuen gauza bakarra, bere testu bat bukatzeko idatzi ere, euskal apaizek sermoia bukatzeko erabili ohi zuten formula bera izan baitzuen gogoko: agur, nere adisquideac