gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Kp
2024ko maiatzak 19, igandea
www.k6gestioncultural.com
Museo Zumalakarregi Museoa - Muxika egurastokia 6. 20216 Ormaiztegi (Gipuzkoa)
Tel.: +34 943 889 900 Fax.: +34 943 880 138 mzumalakarregi@gipuzkoa.net

Dokumentazio zentroa: Historikoa

Javier Mina nafar gerrillaria Espainiatik Mexikora, Independentziaren alde

Javier Mina nafarra Otanon jaioa zen 1789an eta Mexikon hila 1817an. Soldadu napoleondarrek Penintsula inbaditu zutenean Zaragozan zebilen ikasle, horregatik ezagutzen zaio El estudiante edo El mozo ezizenez. Zaragozatik Iruñera joan eta gerrilla antolatzen hasi zen. Berehala nabarmendu zen Nafarroan, Aragoan eta Errioxan frantsesen kontra, Harispe Nafarroa Behereko jeneral frantsesa atzetik zebilkiola. Salaketa bat zela medio Labianon harrapatu zuten. Normalena Iruñera eraman eta bertan fusilatzea izango zen, baina nafar frantsestuek haren alde egin zuten. Dirudienez, preso frantsesei tratu ona ematen zien, eta Frantziako Vincennes-ko gartzelan sartu zuten. Hantxe zeuden Napoleonen etsai inportanteenak: errepublikazale amorratuak, apezpiku eta kardinalak, monarkikoak, eta Palafox bera, Zaragozako setioaren heroia. Bertan hobetu zituen Minak bere gerrilla taktikak, militar batek irakatsiak.

Bera preso erorita, haren osaba batek hartu zuen gerrillaren ardura, Francisco Espoz, eta ilobaren ospeaz baliatzeko, bigarren deitura utzi, Ilundain, eta aitaren bigarrena, Mina, era biltzen hasi zen: Espoz y Mina bezala da ezaguna harrez geroztik. Gerra bukaeran osaba zen ezagunena, eta ilobak ere bigarren deitura, Larrea, aldatu, eta osabaren lehena erabiltzen hasi zen: Mina y Espoz izenez. Dena den, gerra bukatu eta Errege Fernando VII.a Espainiara bueltatzean, egoera ez zen gozoa gerrillarientzat. Minatarrek ez zuten ametitu Fernandoren nagusikeria eta matxinatu egin ziren Iruñean, baina hartan herriak ez zien lagundu eta Frantziara ihes egin behar izan zuten.

Frantziatik Ingalaterrara. Han Javier Mina harremanetan jarri zen Hegoamerikako independentzia zaleekin eta espedizio bat antolatu zuen Mexiko askatzeko. Estatu Batuetan ibili zen, jende gehiago bildu nahian. Haitin elkarrizketa bat izan zuen Simón Bolívar libertadorearekin. Mexikon sartu eta hilabeteak eman zituen San Luis Potosí eta Guanajuato aldean askoz ugariagoak ziren Espainiako tropa errealisten kontrako borrokan. Azkenean preso hartu eta fusilatu egin zuten, atzetik, traidoreak bezala.

 Itzuli
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2009 Kultura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net