Patata tortila, Tomas Zumalakarregi jeneralarentzat asmatutako jakia, omen!
Zumalakarregik bizirik dirau herritarren oroimenean, baina tortilari lotuago dago historiari baino. Gastronomiaren bidez pertsonaiara eta pertsonaiaren bidez herritarrak historiara erakar bagenitza!
1835eko ekainean
Tomas Zumalakarregi jeneral karlista, hil orduko, mito bat sortu zen. Izan ere, 1833ko udazkenean Fernando VII.a hil eta haren alaba Isabelen eta anaia Carlosen arteko borroka lehertu arte beste asko bezalako Zumalakarregi militar arruntak urte eta erdia besterik ez zuen behar izan Europa osoan sekulako ospea lortzeko. 20 urte lehenago soldadu napoleondarren aurka ikasitako taktika gerrillariak aplikatuz, askoz hobeto antolatu eta hornitutako tropa liberalak behin eta berriro azpiratu zituen. Hartarako nola hala armatutako milaka baserritarrak eta informazio sare eraginkorra erabiltzen zituen. Etsai zein jarraitzaileengan izua eta miresmena batera sortarazten zituen heroi erromantikoaren irudia indartu zuen ustegabeko zauri eta heriotzak.
Harrez geroztik eta gaur egun arte Tomas Zumalakarregi da euskal eta espainiar historiako pertsonaiarik ezagunenetakoa. Karlismo hitza aipatu orduko, Zumalakarregi etortzen zaio edonori gogora. Ezer gutxi da, ordea, jendeak hartaz dakiena, eta jakiten dena gehiago dagokio mitoari historiari baino. Anekdota pilaren artean, patata tortilaren asmakuntzarena da gaur egun zabalen eta bizienetakoa.
Bertsio desberdinak izan arren, antzekoak dira denak: gau batean goseak amorraturik baserri batera iritsi eta etxekoandreak, besterik ez zuenez, patatak eta arraultzeak nahasita zerbitzatu zion jakia, gerora horren ospetsu egin dena. Hari gustatu eta gerora ahal zuen guztietan jaki berria ahoratzen omen zuen.
Halakoetan gertatu ohi den bezala, egia eta alegia nahasten dira historia/istorio honetan. Se non è vero è bene trovato: gertaera frogaezina testuinguru historikoak egiten du sinesgarri. XIX. mende hasierako hamarkada gogor eta bortitz haietan hasia zen jendearentzako jaki bilakatzen patata, ordura arte animalientzako bazka. Aurraultze garestiekin nahasita, ahoa goxatzeko ez ezik sabela betetzeko errezeta merkeagoa lortzen zuen tortila honek. Zer hoberik jeneral ospetsu baina herrikoi baten anekdotarioa apaintzeko!
Urteen eta teknika berrien poderioz anekdotaren bizitasuna ez da murriztu, alderantziz. Interneti esker inoiz baino biziago eta zabalago dago, mundu osoan egon ere.