Esploratzaileak XIX. mendean erakusketa Zumarragan ikusgai. (2009-02-03)
Zelai Arizti Kultur etxean otsailaren 14rarte.
Erakusketa honi kutsu literarioa dario, natura, bidaiak eta bidaiariak ditu aipagai, idazleak eta artista grafikoak esploratzaileak bezain protagonistak dira.
XIX. mende erdi aldera mapek oraindik eremu asko zuri-zuri zituzten. Munduan zehar, beti ere europarren ikuspegitik, ezagutzen ez ziren lurraldeak ugariak ziren. Espedizioen ugaltzearekin batera, europarren jakin mina asetzearren sortutako aldizkarietan lehena Pariseko Le Tour du Monde izan zen. Aldizkari honek eskaintzen dituen irudien kalitatea eta xarma ezohikoak dira egun, garaiko irudigile eta grabatzaile onenak biltzen baititu, besteak beste, Karl Girardet, Victor Adam eta Gustave Doré.
Le Tour du Mondek munduko paisaia eta ohitura desberdinekiko europarren harridura azaltzen digu. Arrazakeria darie testu eta irudi hauetako askori, baina baita ausardia, abentura gosea eta egoerarik larrienetan bizirik irauteko grina ere. Erakusketa honek, urruneko paisaia eta kultura arrotz haietara ez ezik duela mende eta erdiko europarren ikusmoldera ere hurbiltzen gaitu.
Erakusketa honek Munduari bira 80 egunetan jokua du osagarri, Julio Verneren eleberria oinarritzat hartuz eta antzarraren jokoan oinarrituz, umeek eta familiek munduari bira 80 egunetan emango diote. Bertan, parte-hartzaileek eragozpen eta egoera onuragarri asko ezagutuko dituzte. Le Tour du Monde aldizkariko irudiez osatutako 80 lauki dituen ohola, dado erraldoia, lau fitxa eta jokoaren arauez, ume eta familiek asmatu eta gainditu behar dituzten galdera eta frogen fitxak daraman euskarria. Horrela, erakusketa ikustera doazen ume eta familiek XIX. mendea ezagutu ahal izango dute modu dibertigarrian.
Erakusketa: Esploratzaileak XIX. mendean. LE TOUR DU MONDE
Lekua: Zelai Arizti kultur etxea. ZUMARRAGA
Datak: 2009ko urtarrilaren 30tik otsailaren 15era
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 18.00-20.30.
Larunbat eta jaiegunetan 12.00-14.00 / 18.00-20.30.
Bisita gidatuak: Doako bisita gidatuak eskainiko ditugu asteazken eta ostiral goizez eta arratsaldez, aurrez 943 88 99 00 telefonora deituz.