12. Faszikulua
 

 

 


 

Fernando Bengoetxea Altuna, "Pernando Amezketarra" bezala ezaguna, 1764ean jaio zen Amezketan. Aralarren artzain eta bestelako lanbideetan aritu bazen ere, bere garaian ospea eman ziona bertsolari dohaina izan zen, Gipuzkoako onena omen zen eta. Hezur-mamizkoa izanik, ezin esan historikoa zela, ez baita historia-liburutara pasa. Haren oroitzapena, ordea, ez da galdu, herriak gordea baitu ahozko tradizioan, bere garaiko oso gutxik lortua dutena, historiarentzat inportanteagoak izan arren. Bere bertso eta ateraldi xelebreak oraindik orain entzun daitezke.

Azpeitiko San Sebastianetara eraman zuten, beste bertsolari batekin indarrak neurtzera. Tolosako inauterietan Pernando, Zabala, Txabalategi eta Altamira Gipuzkoako onenak lehian egon ziren arratsalde osoan. Billabonan ere egon zen, Txabalategiren eta Zabalaren arteko apustuan, baina epaile bezala. Bi ordu bertsotan eman ondoren, ezin erabaki zein zen hobea eta epaileek bertso banatan enpatea deklaratu zuten. 4000 lagun bildu omen ziren Billabonara. Ikaragarri garai hartarako, bertsozaletasuna agerian utziz.

Dena den, taberna izaten zen bertsoak emateko giro aproposena, Pernandok berak aitortzen zuenez:

Gizon bertsolariak badegu, bai, lan hau,
jaia-arratsak tabernan bostetatik lau,
ezin erretiratu ez egun ta ez gau
jan t'edan ta jokatu, zurrut eta mamau,
sakelak badirau, okerrena nerau,
badet ezaguer'au
andreak zintzotzeko enkargatzen nau.

Pernando Amezketarra

Pernando Amezketarra ez zen baserritar tipikoa: langilea, otzana, apaizari eta nagusiari txintxo obeditzen ziona, indartsua baina zakarra, mesfidatia baina inozoa. Pernando kontrakoa zen: alferra, ahal zuenean -batez ere apaizaren- bizkar jaten zuena, indarra baino burua erabiltzen zuena, sastreak, eskribauak, eta kaletarrak orohar ahoa bete hortz uzten zituena, indarra erabili gabe, umorearen bitartez beti.

Pernandoren obsesioetako bat jatea zen eta baserritarren gogoan Pernando betigose baten irudia mantendu da. Behin galdetu omen zioten Pernandori munduko gauzarik onenak zer ziren, eta hauxe erantzun omen zuen:

Osasuna ta pakia,
andre ona ta dotia,
hiru hankeko tupi haundi bat
txerri-xolomoz ta oilaskoz betia,
zahato potxolo bat napar ardo onez betia
nik eskatzen ditudanak hoik tia

Beharbada, gose hura hobekien azaltzen duen pasadizoa bere heriotzarena da. Aran kantidadea jan ondoren errekako ura edan eta hark hil omen zuen. Azken hitzak hauexek izan omen ziren: Ni hiltzen naizenean esan geo argi asko alde guziitan, Pernando ez doola goseak hil; beti erdi-goseak eta mixerin bizi izan banai ee, ondo asetuta hil naizela.

Urteak aurrera egin ahala, Pernando Amezketarraren ospea ez da gutxitu. Bertsoak baino gehiago ateraldi eta pasadizo xelebreak gogoratzen dira. Ahoz aho pasatako istorio hauek liburu eta marrazki bizidunetan bilduak dira aspaldi.

 

Museo Zumalakarregi Museoa © MUSEO ZUMALAKARREGI MUSEOA
Gipuzkoako Foru Aldundia/Diputación Foral de Gipuzkoa
itzuli
Gipuzkoako Foru Aldundia/Diputación Foral de Gipuzkoa
Gipuzkoako Foru Aldundia
Diputación Foral de Gipuzkoa