3. Faszikulua
 

 


 

Madrilen jaio zen 1792an eta hiri berean hil zen 1872an. Txikitan Irunera mudatu zen, frantsesa eta merkataritza bertan ikasiz. "El Aventino" elkarte sekretua sortu zuen beste gaztetxoekin.
Napoleonen soldaduek penintsula inbaditu zutenean, gerrilan sartu zen Merino apaizaren agindupean, baina azkenean Empecinado gerrilariarekin elkartu zen, Merino tradiziozale ultrarreakzionario zen eta. Gerra amaitu zenean aldegin behar izan zuen, munduan barrena bere ibilaldiak hasiz. Mexikon, La Habanan, New Orleansen, Portugalen, Gibraltarren, Tangerren, Alexandrian, Grezian eta abarren.

 

Dokumentazioa faltsifikatu eta batere lotsarik gabe gezur galantak esan eta idazten zituen, beti kausa liberala babestu asmoz. Espioitzan eta konspiraziotan zebilen, indarrak alde batera edo bestera desbideratuz. Egitasmo ezinezkoak bururatzen zitzaizkion etengabe eta porrot egitean ihesi ateratzen zen. Mexikon egon zen bigarren aldian, Espainiak espedizio militar bat bidaltzea nahi zuen, ez birkonkistatzeko, Espainiaren aldeko errege bat jartzeko baizik. Ez zuen lortu, jakina.
Espainiara itzuli zenean, 1820an, gobernu liberal moderatuaren kontra konspiratzen jarraitu zuen. Hiri batera joan, bazterrak nahasten hasi, eta harrapatu baino lehen hanka egiten zuen. Horrela ibili zen Madril, Zaragoza, Bartzelona, Kanariak, Cartagena, Malagan eta abar.

 

Lehen Guda Karlistan, Abiraneta ezinbestekoa gertatu zen, non diplomazia, espioitza eta intoxikazioa nahasten ziren, karlisten, hau da, Don Karlosen Gortekoen eta baserritar soldaduen artean, zatiketak eragiteko. Dokumentu faltsuak zabaltzen zituen, ofizialen artean mesfidantza sortu eta tropak desanimatzeko. Agiri faltsuz osatutako artxibo bat bildu zuen, non jeneralek traizioz eta porrotez elkar salatzen zuten- "Simancas" deitzen zion berak- . Don Karlos bahitzen saiatu zen, baita euskarazko testu bat idatzi zuen ere, "Euscaldun necazari batec ojalatero bati escribitzen dion carta". Ojalatero Don Karlosen gortekoei esaten zitzaien, borroka egin beharrean, benetako soldaduen aurka marmarrean egoten zirelako. Ojala ez dakit zer eta ojala badakit zer ematen omen zuten eguna. Karta honetan hojalatero hauek baserritarren odolaz bizi eta gizentzen zirela salatzen zuen. Karta Fray Ignacio Larragaren izenean zinatu zuen.
Abiranetaren konspirazioek karlisten arteko zatiketak eragin zituen, Bergarako besarkadarekin gerraren amaierarako mesedegarria izanik. Nahiz eta Abiranetak zenbait liburuxka argitaratu, karlisten porrotean izandako eragina erabakigarria zela aldarrikatuz, bere ekintzak ez ziren ofizialki inoiz onartu. Literario bezain historikoa den pertsonai honek Pio Baroja idazlea inspiratu zuen "Memorias de un hombre de acción" izenburupean bere gora-beherak biltzen zituen 22 liburu idatziz.

 

 
Museo Zumalakarregi Museoa © MUSEO ZUMALAKARREGI MUSEOA
itzuli
Gipuzkoako Foru Aldundia/Diputación Foral de Gipuzkoa
Gipuzkoako Foru Aldundia
Diputación Foral de Gipuzkoa
     

 

Eugenio Aviraneta Acción de Hernani