XIX. mende erdi aldera mapek oraindik eremu asko zuri-zuri zituzten. Munduan zehar, beti ere europarren ikuspegitik, ezagutzen ez ziren lurraldeak ugariak ziren. Espedizioen ugaltzearekin batera, europarren jakin mina asetzearren sortutako aldizkari ugarietan lehena Pariseko Le Tour du Monde izan zen. Aldizkari honek eskaintzen dituen irudien kalitatea eta xarma ezohikoak dira egun, garaiko irudigile eta grabatzaile onenak biltzen baititu, besteak beste, Karl Girardet, Victor Adam eta Gustave Doré. Bestalde, testuek munduko paisaia eta ohitura desberdinekiko europarren harridura erakusten digute. Lekuak ez dira existitzen europar baten oinak zapaldu arte. Apenas onartzen da zibilizaziorik "kontinente zaharrean" jaiotakoetatik kanpo. Arrazakeria darie testu hauetako askori, baina baita ausardia, abentura gosea eta egoerarik larrienetan bizirik irauteko grina ere.
Euskal Herrian ere izan genituen bidaiari ausartak. Hauen presentzia nabarmen utzi nahi dugu hiru pertsonaiaren bitartez: Abbadia, Murga eta Iradier. Haienak dira erakusketan aurkitzen diren objektuak, haien bidaia eta abenturen adierazgarri.