XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian

Armada sailak

FRANTZES LEGIO LAGUNTZAILEA

"Prise de Constantine, 13 Octobre 1834" (Konstantina hartzea, 1834ko urriak 13an) (Xehetasuna)1834ko apirilean sinatutako Aliantza Laukoitzaren hitzarmenari jarraiki, Frantziak eta Britainia Handiak babesa emango zieten Portugalgo eta Espainiako gobernu liberalei beren gerra zibiletan. 1834ko abuztuan, Espainiak hitzarmen hartan baldintza bat eranstea lortu zuen, Frantziak karlistei mugak ixteko konpromisoa hartuz. Hori ez zen aski izan, ordea, eta 1835ean, Martínez de la Rosaren gobernuak zuzenean gudarosteak bidaltzeko eskatu zuen. Frantziarrak eta britainiarrak karlistadan zuzenean ez parte hartzen saiatu ziren, eta horretarako boluntarioen tropa bereziak edo Atzerritar Legioa bidali zituzten.

Atzerritar Legioa Aljeriako gerran zaildua zegoen, eta nazionalitate askotako abenturazale bitxi bezain diziplinatuek osatzen zuten. 1835eko ekainaren 27an Aljertik abiatu ziren eta, Mallorcan berrogeialdia egin ondoren, Legioa osatzen zuten 5.000 gizonak Tarragonara iritsi ziren abuztuaren 16an.

Bernelle jenerala zen Legioaren agintari nagusia, baina haren izaera ahularen ondorioz, Joseph Conrad alsaziar ofizial eta Bernelleren hurrengoa zen benetako buruzagia. Bere soldaduek asko maite eta miresten zuten Conrad. Barbastron hil zen 1837k maiatzean, karlisten erasoaldi baten ondoren bere legionarioen ihesaldia eragozten zebilenean.

"French legion storming a carlist intrenchmen" (Frantziar legioa karlisten oholesi bat erasotzen) (Xehetasuna)Frantziako Legio Atzerritarrak egindako lehen ekintza Lleidako Guimerá gaztelukoa izan zen, 1835eko irailean. Gaztelua defendatzen zeuden 80 karlistek amore ematea lortu ondoren, fusilatu egin zituzten. Karlistek ez zieten hori sekula barkatu, eta beren esku erortzen ziren legionario guztiak bertan fusilatzen zituzten.
1835eko abenduan legioak Zangoza aldera jo zuen, eta hurrengo hilaren hasieran Gasteiz aldera. Arlabango ekintzan parte hartu zuten, Britainiar Legio Laguntzailearekin batera, eta han jasandako galera handien ondorioz, Gasteiza itzuli behar izan zuten.

1836an zehar, Frantziako Atzerritar Legioak gorriak ikusi zituen. Jan edan eta arropa gutxi zuten, ordainketak berandu iristen ziren eta guduek, lizentziamenduek eta desertzio ugariek eragindako galerak osatzea gaitza zitzaien. Legionario askok eta askok desertatu eta karlistekin bat egin zuten, eta haietako 850ekin batailoi bat osatu zuten:Aljeriar batailoia.

Huescako bataila (Xehetasuna) 1837ko martxoan, Atzerritar Legioa karlistekin borrokatu zen Larraintzarren eta Aizpitarten. Handik bi hilabetera, Erregearen Espedizioan, Huescako eta Barbastroko guduak borrokatu ziren. Azken hori oso gogorra izan zen Legioarentzat, Aljeriar Batailoiko desertoreen aurka borrokatu behar izan baitzuen, eta Conrad buruzagia galtzeaz gain, ia erabat suntsituta gelditu zen.
Uztailean Legioa berrantolatu eta zalditeria eta artilleria espainiar armadaren barruan gelditu ziren. Atzerritar Legioko gainerako gorputzak gainbeheran sartu ziren, harik eta 1838ko abenduan behin betiko desegin zen arte.

Logo de Creative Commons 2006 XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian. Zumalakarregi Museoa Museo Zumalakarregi Museoa
Logo de Gipuzkoa.net