XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian

Armada sailak

INFANTERIA LIBERAL

"Queen's infantry."(Erreginaren infanteria) (Xehetasuna)Armada liberala Fernando VII.ak zeukan berbera izaten jarraitu zuen, Zumalakarregi eta haren antzera agintetik kendutako ofizial gutxi batzuk kenduta, errege hori hil aurretik kide absolutistak kanporatu egin baitzituzten. Horrekin batera, erbestean zeuden zenbait militar ere, Espoz Mina nafarra adibidez, armadan sartu ziren, Maria Kristina erreginordeari altxamendu karlistari aurre egiten laguntzeko.

Isabel II.ak tronurako zuen eskubidea defendatzen ibilitako soldaduen kopurua kalkulatzea ez da erraza, gerrak iraun zuen bitartean armadara joateko hainbat deialdi egin zituztelako, baina 300.000 gizon inguru mobilizatu omen zituzten denera. Noski, den denak ez ziren aldi berean gobernu liberalaren esanetara egon.

"Tropas de la Reina". Erreginaren tropak) (Xehetasuna)Iparraldeko armadak, euskal lurraldeetan borrokatu zenak alegia, 18.000 soldadu besterik ez zituen gerra hasi zenean eta 1835ean, aldiz, 120.000tik gora. Bitartean kopuru horrek gorabehera handiak izan zituen, gobernuen kudeaketa txarraren ondorioz, gehienbat. Nolanahi ere, gehiengo kopuru hori lortu zenetik aurrera Don Karlosen jarraitzaileak menderatzeko ahaleginetan ibilitakoen kopurua ez zen inoiz 70.000tik jaitsi.

Armada hark gehienak aurka zituen herri batean borrokatu behar izateaz gain, kudeaketa politiko ezin txarragoaren ondorioz, horniduren eskasia eta ordain murritzak jasan zituen gerra osoan zehar. Fernández de Córdova gerrako ministroak honela azaldu zuen egoera 1835eko azaroan:

"Hobe da soldadu gutxiago eta diru gehiago edukitzea, soldaduen kopurua handitu eta haiei ordaintzeko esku dirurik edo laguntzeko bitartekorik ez edukitzea edo egiteko hain luze, zail eta garestiak bezain ezinbestekoak diren gotorlekuak ez edukitzea baino, gotorleku horiek gabe 300.000 gizonek ezingo lukete eta denok hainbeste nahi dugun bakerik lortu".

"Guardia Real de Infantería." (Infanteriako Errege Guardia) (Xehetasuna)Bestalde, armada liberalean ibilitako Milizia Nazionaleko boluntarioak, txapelgorriak alegia, eta nazioartetik iritsitako laguntza ere gogoan izan behar ditugu. Azken horien artean Britaniar legio laguntzailea, Frantziako Atzerritar Legioa eta Antaseko baroiak gidatutako portugaldar gudarostea zeuden.

Agintariei dagokienez, garai hartako militar gailenak ibili ziren armada liberalean, hala nola, Sarsfield, Quesada, Rodil eta Valdés, bai eta Espartero, Narvaez eta Diego de León ere. Azken horiek gerra honetan zehar lortu zuten beren sona militarra, eta Espainiako politika baldintzatu zuten hurrengo 30 urtean.

Logo de Creative Commons 2006 XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian. Zumalakarregi Museoa Museo Zumalakarregi Museoa
Logo de Gipuzkoa.net