Fernando VII.a hil ondoren karlisten aurka eta Isabel II.aren tronuaren alde jardun zuten Gipuzkoako Boluntarioei izen hori ematen zitzaien, uniformean txapel gorria zeramatelako. Don Karlosen jarraitzaileek, berriz, "pesetero" esaten zieten, Gobernu liberalak egunean pezeta bat ordaintzen zielako.
Etsaiek izugarrizko gorrotoa zieten, beti zeudelako borrokatzeko prest eta karlistek bezain ondo ezagutzen zituztelako bazterrak, azken horiek armada erregularrarekin borrokatzean zuten abantaila ezabatuz.
Boluntario gehienak hirietatik zetozen, eta Donostia, Tolosa, Ordizia eta Eibar izan ziren soldadu gehien eman zituzten hiriak. Dena den, Gipuzkoan bertan behar beste boluntariorik lortu ez zutenez, beste leku batzuetako jendea ere errekrutatu zuten, tartean frantses asko. Errekrutatutako ofizialak gutxienez bertakoak izateko agindu zuen Aldundiak
Gaspar Jauregi "Artzaia", Gipuzkoan Napoleonen aurka aritutako gerrillako buruzagi ohia izan zen haien lehen komandantea, Frantziatik itzuli baitzen ardura horretan aritzeko. Lehenbiziko hilabeteetan, herrialde osoan ibili zen txapelgorrien batailoia, gaizki samar antolatuta zeuden tropa karlisten atzetik zebiltzan tropen abangoardian nabarmenduz.
Iparraldeko tropa liberalen buruzagitzan Quesadaren lekua hartu zuen Rodil jeneralarekin batera ibili ziren 1834ko udan erregegaiaren atzetik, eta Arantzazuko santutegia erretzen parte hartu zuten. Historialari gehienek sute hartatik errugabetu egiten dituzte txapelgorriak, sute hura Don Karlos harrapatzerik izan ez eta, bere iritziz, fraide frantziskotarrak karlistekin elkar hartuta zeudelako amorratzen zegoen Rodilek agindu zuela esanez. Ekintza horretan Anselmo Iņurrigarro bigarren komandantearen aginduetara jardun zuen txapelgorrien batailoiak.
Frantzisko Lertsundi ere gorputz horretan ibili zen. Bertan hasi zuen bere ibilbide militar luze bezain distiratsua, gerora hainbat gobernutako buru eta alderdi moderatuko buruzagi izango zen politikari eta estatugizon horrek.
1835 amaieran, Arabara bidali zuten txapelgorrien batailoia, Iņurrigarro buru zutela, eta liskar handia izan zuten han Esparterorekin. Urrian lapurreta batzuk egon ziren Bastidako, Subilanako, Uribarriko eta Haroko zenbait elizetan, eta txapelgorriei bota zieten errua. Gametxan biltzeko agindu zien Esparterok eta errudunak aurkitu ez zituenez, zozketa egin eta hamar txapelgorri fusilatu zituen, haien batailoi osoaren aurkako salaketa izugarri larriak boteaz. Iņurrigarrok nahigabetuta Joaquin MĒ Ferrer Gipuzkoako diputatuaren babesa eskatu zuen. Ferrerek Esparteroren jarduna salatu zuen Gorteetan, fusilamenduak agintzean arinegi ibili zela eta txapelgorri saiatuen aurka oinarririk gabeko salaketak bota zituela esanez.
Fusilatutakoen artean Lezoko alkatea zegoen, Iņurrigarrok oso maite zuen boluntarioa berau. Beste gipuzkoar bat, bizkaitar bat, gaztelau bat, bi nafar eta lau frantses ziren gainerako fusilatuak, beraz, argi ikusten da armada hartako kideak leku askotakoak zirela.