XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian

Biografiak

JOSE ANTONIO MUÑAGORRI. (1794-1841)

Jose Antonio Muņagorri Berastegin jaio zen 1794an. Eskribau ikasketak egin zituen, familiaren tradizioari jarraiki, aita eta aitona ere eskribauak izan baitziren. Halere, hainbat negoziotan ibili zen, Leitzaran bailarako burdinolak kudeatzen batez ere. 1832an Gasteiz eta Irurtzun arteko bidea egiteko lanetan jardun zuen kontratista.

Karlistadak etenarazi egin zituen Muņagorriren negozioak, eta gerrak zein luze jotzen zuen ikusita eta Euskal Herrian eragindako ondorioekin kezkatuta Baionan erbesteratuta zeuden handiki batzuekin bildu zen.

 Muņagorri bakea eta foruak aldarrikatzen Berastegin. (Xehetasuna)Handiki haientzat bakea lortzeko ezinbestekoa zen gatazka dinastikoa eta foruen aldeko borroka bereiztea. "Bakea eta foruak" aldarrikapenaren ordezkari nagusia izan zen Muņagorri. Foruak errespetatzen baziren euskaldunoi Isabel ala Don Karlos berdin zitzaigula laburbiltzen zuen aldarrikapen hark.

Muņagorriren emaztea eta alaba atxiloturik Tolosarako bidean. (Xehetasuna)Ekimen horrek Madrilgo gobernu liberalaren ezkutuko babesa izan zuen, dirua jarri baitzuen Muņagorrik gidatutako altxamendua bultzatu eta armada karlista ahultzeko. Muņagorri Berastegin matxinatu zen 1838ko apirilean, bere lema aldarrikatu eta desertore karlistak hartuko zituen armada berria osatu nahian. Arrakasta handirik lortu ez eta mugaz bestaldera joan behar izan zuen, mila gizon besterik ez eramanez.

Gobernu liberalak handikien batzorde bat sortu zuen Baionan, Muņagorriren altxamenduari laguntzeko. Hauek zeuden batzorde horretan: Villafuertesko kondea Gipuzkoatik, Iņigo Ortes Belasko Arabatik, Pascual Uhagon Bizkaitik eta Jose Maria Bidarte Nafarroatik..

Muņagorriren tropak Bidasoa ondoko Lastaola inguruan finkatu ziren, arriskurik egonez gero ibaia zeharkatu eta Saran babesteko. Ekintza militar bakarra egin zuten: karlisten mende zegoen Urdazubi konkistatzea. Desertore karlistak hartuko zituen eta Lehen Karlistadaren garapenerako funtsezkoa izan zitekeen indar armatua sortzeko egitasmoak porrot egin zuen, baina gatazka dinastikoa eta foruen aldeko borroka bereizteko ideia funtsezkoa izan zen Bergarako Hitzarmenean. Karlista moderatuek Esparterorekin hitzarmen bat sinatzeko bidea ireki zuen Muņagorrik, honela gerrari amaiera emanez.

"Vue du château vieux : a Bayonne" (Gaztelu zaharraren ikuspegia Baionan) (Xehetasuna)Gerra ondoren, Espartero Madrilgo gobernura iritsi zenean, euskal liberal moderatuak matxinatu egin ziren, eta hantxe zebilen gure Muņagorri ere. Altxamenduaren porrotaren ondorioz Baionan babestu zen, eta Esparterok foruak indargabetu egin zituen errepresalia gisa. Muņagorri bere negozioetara itzuli zen orduan, eta Eratsunen zuen Sumarrieta burdinolan zela Esparteroren jarraitzaile amorratua zen txapelgorrien teniente batek atxilotu egin zuen. Berehala fusilatu egin zuten 1841eko urrian.

Logo de Creative Commons 2006 XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian. Zumalakarregi Museoa Museo Zumalakarregi Museoa
Logo de Gipuzkoa.net