XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian

Biografiak

CHARLES FREDERICK HENNINGSEN. (1815-1877)

Karlistek potentzia absolutisten diru laguntzak jaso zituzten baina ez indar militarrik. Dena den zenbait atzerritar karlistekin lerratu zen bolondres modura. Hauen artean ezagunenetakoa dugu Karl F. Henningsen britainiarra, bereziki Tomas Zumalakarregiren lehenengo biografoa izan zelako.

Henningsen Eskozian jaio zen 1815.ean. Karlisten artean 19 urte zituela aurkeztu zuen bere burua bolondres. Zumalakarregiren zalditeriko partaide izan zen, borroka ugaritan ihardunez. 1835.ean Elliot Hitzarmena sinatzerakoan diplomatiko britainiarra harritu omen zen karlisten artean eskoziar hura aurkitzean. Zumalakarregiren heriotza ostean Ingalaterrara itzuli zen, bertan karlisten aldeko lana egitearren,

HENNINGSEN, C.F. The most striking events of a twelvemonth´s campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces. Lan hauen artean koka genezake Zumalakarregiri buruz Londresen 1836.ean argitaratu zuen liburua: "The most striking events of a twelvemonth´s campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces." Liburuak arrakasta haundia izan zuen, alemanierara, frantsesera, italierara eta gaztelerara urte gutxi barru itzuli zelarik. Britainiarren artean eztabaida ugari sortu zuen, Zumalakarregiren figura goraipatu eta karlisten aldeko jarrera nabarmendu baizuen.

Karlistadaren ondoren beste borroka galduetan parte hartu zuen, hala nola Kaukasia inguruan errusiarren aurka edo Hungariako Kossuthekin austriarren kontra 1849.ean. Gero Estatu Batuetara jo zuen Walker piratarekin batera Ertamerikan estatu esklabista bat sortzeko asmoz. Azkenik Estatu Batuetako gerra zibilean ere murgildu zen, noski, hegoaldeko konfederatuen artean ofizial bezala. 1877.ean hil zen, parte hartu zuen gerra guztietan galdu ondoren.

Henningsen bezala 250 bat atzerritar ibili ziren karlisten lerroetan bolondres modura. Gehienak erregetiar frantsesak, baina baita portugaldarrak, britainiarrak, belgiarrak edo Piamontekoak. Bereziki ezagunak, idatzi zituzten liburuengatik, alemaniarrak -zentzu zabalean-, besteak beste, Schwarzenberg, Von Radhen, Von Goeben, Lichnowsky edo Dembowsky.

Logo de Creative Commons 2006 XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian. Zumalakarregi Museoa Museo Zumalakarregi Museoa
Logo de Gipuzkoa.net