Bi Sizilietako Frantzisko I.aren alaba Napolin jaio zen 1806an. Bere osaba Fernando VII.aren laugarren emaztea izan zen, eta bera izan zen ondorengoak eman zizkion lehena: 1830ean jaiotako Isabel II.a Emakumeak koroatzea galarazten zuen Lege Salikoa ezabatu zuen “Pragmática Sanción” deituriko legea onartu zenean, Don Karlos infantea tronurako bidetik kanpo gelditu zen eta horrek Lehen Karlistada piztu zuen, erregea hil ondoren.
Lehenago, 1832an, Maria Kristinak bere senarraren ordez jardun zuen hura gaixo zegoela eta. Bere agintaldian amnistia bat eman zuen, liberal batzuei Espainiara itzultzen utziaz.
Fernando VII.a hil zenean, Maria Kristina erregina gobernatzaileak liberalekin bat egin zuen bere alabak tronuratzeko zituen eskubideak babesteko eta bere koinatu Don Karlosen jarraitzaileen altxamendua zapuzteko.
Martínez de la Rosa liberal moderatua izendatu zuen gobernuburu, eta hark Errege Estatutua onartu zuen 1834ko apirilean, monarkia absolututik monarkia konstituzionalerako jauzia behin betiko eginez. Hurrengo urtean, altxamendu iraultzaile baten ondorioz, Maria Kristinak Mendizabal aurrerakoia izendatu zuen gobernuburu, eta hark eliz ondasunen desamortizazioa bultzatu zuen, Karlistada behingoz amaitzeko dirua lortzeko asmotan.
1836ko abuztuan, La Granjako sarjentuak matxinatu egin ziren, eta erreginak 1812ko Konstituzioa aldarrikatu behar izan zuen, 1837ko Konstituzio aurrerakoia ekarriko zuen garai konstituzional berria hasiaz. Bitarte horretan, muturreko liberalen presiopean egon zen Maria Kristina, eta Don Karlosekin negoziatzen ibili zen ezkutuan. Don Karlos Madril aldera abiatu zen orduan, Erregearen Espedizioaren barruan. Karlistak Madril inguruetara iristerako, moderatuak boterera eraman zituen aldaketa politikoa gertatua zen, eta Maria Kristinak orduan iritziz aldatu, eta bertan behera utzi zuen Erregegaiarekin hitzartutakoa.
Garai hartan, Maria Kristina Fernando Muñozekin ezkondu zen ezkutuan. Zazpi seme alaba izan zituzten, eta elkarrekin egon ziren erbesteko urteetan.
1839ko abuztuan Esparterok eta Marotok Bergarako Ituna sinatu zuten, Lehen Karlistada amaitzeko oinarrizkoa izango zena. Hurrengo urtean, erregina gobernatzaileak eta aurrerakoiek izandako liskarrak agintea utziarazi eta erbestera eraman zuen Maria Kristina, eta boterea Esparteroren eskutan gelditu zen orduan. Haren agintaldian, Maria Kristinak hainbat altxamendu moderatu bultzatu zituen, Diego de Leónek 1841ean egindakoa adibidez. Saiakera hark euskal diputazioen babesa izan zuen, baina porrot egin zuen. 1843an Espartero boteretik kanpo gelditu zen eta erregina Espainiara itzuli zen. Bere alaba Isabel II.a adinez nagusi bihurtu zen orduantxe.
Hamarraldi Moderatuan (1844 54) eragin handia izan zuen politikan, eta aurrerakoien ezinikusia bildu zuen. 1854an Espartero berriro ere boterera eraman zuen altxamenduaren ondoren Espainiatik bota zuten, baina azpijoko politikoetan jarraitu zuen, bai 1856an Espainiara itzuli ondoren, bai 1868ko iraultzaren ondorengo erbestealdian ere.
Frantziako Sainte Adresse herrian hil zen 1878an.