XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian

Biografiak

EUGENIO ABIRANETA. (1792-1872)

"Pont sur la route de Burgos, celebre par les attaques des guerrillas"  (Burgosko bidean gerrilarien erasoengatik famatutako zubia) (Xehetasuna)Guraso gipuzkoarren seme hau Madrilen jaio zen 1792ko azaroan. Eugenio Abiraneta Ibargoienek Irunen eman zuen haurtzaroa, aitaren aldeko osaba batengana joan baitzen frantsesa eta merkataritza ikastera. Independentziako Gerran Merino apaizaren gerrillan sartu zen. Geroago, Juan Martín Díaz "Empecinado" aren gerrillarekin egin zuen bat, ez zuelako Burgosko apaiz ezin atzerakoiagoa eraman. Gerra amaitzean, erbesteratu egin behar izan zuen beste liberal batzuekin batera, eta munduan zehar eraman zuen abentura hasi zuen orduan. Habanan, New Orleansen, Gibraltarren eta Tangerren izan zen, besteak beste.

Hirurteko Liberalean Espainiara itzuli zen, eta gerrilla errealisten aurka borrokatu zen, gobernu moderatuen aurkako konspiraziotan zebilen bitartean. Hiriz hiri ibiltzen zen, giro erradikalak nahasi eta, harrapatu baino lehen, ihes eginez. Ez zuen beti hori lortzen ordea. Madrilen, Zaragozan, Bartzelonan eta Cartagenan ibili zen, adibidez, bere konspirazioak prestatzen. Absolutismoa berrezartzean erbestera jo behar izan zuen berriro.

Eugenio de AviranetaBere konspirazioek Lehen Karlistadan jo zuten gailurra. Espioitza eta intoxikazio lanetan ibili zen, karlismo barruko sektoreen artean mesfidantza erein nahian. Horretarako, zurrumurruak eta gezurrezko agiriak zabaldu zituen, ofizialen artean zatiketak eta soldaduen artean etsipena sortuz. Artxibo handi bat ere sortu zuen ("Simancas" deitu zuena), jeneralek elkarri traizioak eta porrotak leporatzen zizkioteneko gezurrezko agiriak bilduaz. Don Karlos erregegaia bahitzeko egitasmo bat prestatu zuen, halaber, baina ez zuen bere asmoa lortu.

"El abrazo de Vergara." (Bergarako besarkada) (Xehetasuna)Oso zaila da Abiranetaren konspirazioen eragina neurtzea, baina argi dago Bergarako Hitzarmena ekarriko zuen karlisten arteko zatiketa behintzat lortu zuela. Esku orri batzuk argitaratu zituen karlisten porrotean izandako garrantzia aldarrikatuz, baina haren jarduerek ez zuten inoiz onarpen ofizialik izan.

Hurrengo urteetan espetxealdiak, deportazioak eta erbestea jasan zituen, Espainiako politikan zeuden aldaketei. 1851n intendente militar izendatu zuten, baina Biurteko Aurrerakoian espetxeratu egin zuten berriro ere. Madrilen hil zen 1872ko otsailean.

Eugenio Abiranetaren jarduera gehienak ezkutukoak izanik, haren biografia historiaren eta literaturaren artean banatzen da. Pio Barojak 22 alez osatutako eleberri sorta argitaratu zuen gure pertsonaiari buruz, "Ekintza gizon baten memoriak" izenburupean.

Logo de Creative Commons 2006 XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian. Zumalakarregi Museoa Museo Zumalakarregi Museoa
Logo de Gipuzkoa.net