Karlistek 1835 urtearen hondarretik Donostia blokeatu zuten. Blokeoaren ardura Sagastibeltza generalaren gain zegoen. Bera hiria erasotu eta hartzen saiatzearen aldekoa zen. Egia generala, karlisten buruzagi militar nagusia, berriz, erasorik gabe blokeoa mantentzearen aldekoa. Donostiarrek Córdoba liberalen buruari laguntza eskatu zioten eta honek Lejio Britainiarra bidali zuen bertara. Sagastibeltzak, hau ikusirik, Egiari indar gehiago eskatu zion, baina honek tropa guztien beharra zuenez ez zion soldadurik igorri.
Maiatzaren 5ean 4.500 britainiar eta 1.500 liberal, Lacy Evans generalaren agindupean hiritik irten eta karlisten posizioetara oldartu ziren. Karlistek atzera egin zuten Lugaritz, Munto eta Puioko posizioetara.
Aieten gogor eutsi zioten karlistek, hiru kanoiekin britainiarren erasoa geldituz. Bitartean, Antiguoko konbentua utzi eta Lugaritzen gotortu ziren karlistek jasan zuten britainiarrek baionetaz egindako erasorik bortitzena. Galera haundien ostean, azken hauek amore eman eta atzera egin behar izan zuten. Britainiarren itsas-armadako bi untzik, "Phoenix" eta "Salamander", bere kanoiak karlisten posizioetara zuzendu zituzten, Lugaritz baserria errez. Gainera, karlisten zoritxarrerako, Sagastibeltza generala, baionetaz egindako karga bat zuzentzen ari zela, bala batek buruan jo eta bertan hil zen.
Britainiarrek berriro ekin zioten erasoari, arestian untzietan iritsitako beste 1.300 soldaduek indar berrituta, karlistak Oriamendira atzera araziz.
Borroka liberalek irabazi zuten, baina blokeoa zertxobait zabaltzea besterik ez zuten lortu, Donostian pozez ospatu bazuten ere. Britaniar legio laguntzaileak 150 hildako eta 600dik gora zauritu izan zituzten eta bertako liberalek beste 100 gizonen galera. Karlistek, berriz, 60 hildako eta 200 zauritu, baina Sagastibeltzaren galera pisu haundikoa izan zen. Dena den, Donostiak blokeatuta jarraitu zuen eta hurrengo urteko martxoan eman zen inguruetako borrokarik gogorrena, Oriamendi.
Bi hilabete beranduago, Don Karlosen espedizioa probetxatuz, lortu zuten Donostiarrek blokeoa haustea, Hernani bereganatu ondoren.