XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian

Batallak eta Ekintzak

LUTXANA. 1836-XII-24

Bilboko bigarren setioak hilabete t´erdiz iraun ostean, bertako biztanleak estu eta larri zebiltzan. Bonbardaketak batetik eta blokeoak eragindako elikagaien eskasia bestetik, bilbotarrek itxaropen guztia kanpotik zetorren laguntzarengan jarria zuten.

Lutxanako zubia hartzea. (Xehetasuna)1836.go abenduak 22an, Espartero Lutxanako zubiaren ingurutan maniobratzen hasi zen. Britainiar itsas-armadako bi untzien laguntzaz -hauetatik egindako bonbardaketak erabakiorrak izan ziren- Lutxanako zubi gaineko posizioak erasotzeari ekin zion. 23an Galindo erreka gainetik txalupez egindako zubia zabaltzea lortu zuen, tropa liberalen eraso mugimendua arinduz. Baina helburua Lutxanako zubia zen, karlistek moztua eta tropa liberalak Bilbora inguratzeko berreraiki beharrekoa.

"Ataque de Luchana: el 24 de diciembre 1836" (Lutxanako erasoa: 1836ko abenduak 24) (Xehetasuna)Berriro gudauntzi britainiarren laguntzaz baliaturik, liberalak Lutxanako zubiaren bi aldeko posizioak eskuratzen saiatu ziren, 24ko arratsaldean, txalupa eta gabarretan igarotako tropen bitartez, helburua lortuz. Borrokarik gogorrenak gabon gauean eman ziren. Oraa generalak zuzentzen zituen tropa liberalak Lutxanako zubi gaineko posizioak bereganatzeko sekulako ahaleginak egin zituzten, baina karlistak eraso guztiei eusten zieten.

"Toma del puente de Luchana" (Lutxanako zubiaren hartzea) (Xehetasuna)Gaua oso iluna zen eta elurra mara-mara ari zuen, egoera larriki gogortuz. Espartero bera jarri zen eraso liberalen buruan, baina Egiaren karlistek ez zuten amore ematen. Bi aldeetako soldaduek neka-neka eginda zeudenean, Oraak erretiradarako doinua eman zezan eskatu zion korneta bati. Honek, nahastuta, erasorako deia jo zuen. Hau entzunik, karlistek beste eraso bati aurre egin ezinean, atzera jo zuten, liberalen garaipena bermatuz. Karlistak hiriaren setioa amaitutzat eman zuten, Espartero Bilbon sartzen zen bitartean. Espainia guztian ospatu zuten liberalek Lutxanako garaipena, Bilbo, bere erresistentziagatik, euskal liberalen ikur bihurtuz.

Logo de Creative Commons 2006 XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian. Zumalakarregi Museoa Museo Zumalakarregi Museoa
Logo de Gipuzkoa.net