Zumalakarregik 1835.go maiatzaren hondarrean Ordizia setiatu zuen, zenbait arrakastaren ostean hiriak menperatzeko gauza zela erakutsi nahiean. Ordizian bildutako liberalek erasoari eutsi zioten, artileria karlistaren aulezia nabarmena zelako eta laguntza jasoko zutenaren itxaropenez. Honela , Jauregi Donostiatik Tolosara gerturatu zen, Espartero Bizkaitik Bergarara, Valdes Arrasaten zegoen bitartean.
Zumalakarregi Ordiziako setioa gogortzen saiatu zen, laguntzak jaso aurretik menperatze arren. Gómez Tolosa aldera bidali zuen "Artzaiaren" indarrei eusteko eta Eraso -hau bai izen aproposa militar batentzat- Urretxura Esparterorenak kontrolatzera. Ekainaren 2.ean Espartero. Deskargan kokatu zen beste buruzagi liberalen berrien zain. Gauean sekulako ekaitza jasan zuten eta Esparterok, Valdesen berririk ez zuenez, Bergarara erretiratzea erabaki zuen.
Bitartean Erasok Bizkaiko lanzeroen talde bat eta Arabako Gidak bidali zituen errekonozimendu bat egitera Deskargaruntz eta, ustekabean, liberalen kanpamenduaren erdian aurkitu ziren. Gauaren eta ekaitzaren ondorioz liberalak eraso gogor baten aurrean zirela uste izan zuten, sakabanaketa izugarria sufrituz. Bergara aldera eginiko erretirada desastre huts bat gertatu zen, karlista gutxi batzuk 2.000 liberal preso hartu zituztelarik. Liberalengan sortutako beldurrak Bergaratik Bilborantz mugi arazi zituen Esparterorenak. Valdes Iruñara eta Jauregi Donostiara erretiratu ziren..
3an Ordizia errenditu zen, segidan Bergara, Tolosa, Eibar, Irun ta Durango karlisten eskutan geratuz. Deskargako sorpresaren eragina sekulakoa izan zen, Gipuzkoa eta Bizkaia osoak, hiriburuak ezik, Zumalakarregiren menpe geratu baiziren .